Eraso martxisten aurrean, autodefentsa feminista

Eraso matxisten aurrean

AUTODEFENTSA FEMINISTA

Haserre gaude. Oso haserre. Haserre, beste behin gure herrian izandako eraso matxista baten berri izan dugulako.

Maritxu Kajoi gauean bi gizonek adin txikiko emakume bati eraso egin zioten Arrasaten. Ezer baino lehen, gure elkartasuna eta gure besarkadarik beroena bidali nahi dizkiogu erasoa jasan duen emakumeari eta bere gertukoei. Ez zaude bakarrik.

Haserre gaude. Oso haserre. Haserre, ez dugulako nahi jai guneetan, gure herriko kale eta parkeetan, espazio publikoan mesfidati ibili. Haserre, jaia eta gaua gureak ere badirelako eta guk ere gozatzera irten nahi dugulako. Haserre, gure gorputzekin nahi duzuena egin dezakezuela uste duzuelako. Ez dugu onartzen gure gorputzen eta bizitzen aurkako erasorik. Ez dugu onartzen horren ardura gure gain jartzea, gaia morboz tratatzea, edota gertatzen ari denari garrantzia kentzea, ezta gure askatasunari mugarik jartzea ere. Horregatik, atzo Zumaian egin zuten bezala gaur kalera atera gara Arrasaten ere, gauez libre izan nahi dugula aldarrikatzeko, eta ez ausart. Kaleak eta gauak gureak ere badirelako!

Haserre gaude. Oso haserre. Haserre, beste behin erasoa jasan duen emakumea babestu beharko lukeen sistemak huts egin duelako. Haserre, erasoa jasan duen pertsonaren eskaeren kontrara eta bere babesa apurtuz, erasoaren salaketa eta informazioa hedabideetara filtratu delako. Haserre, hedabideetan erasoa jasan duen pertsonaren zaintza, duintasuna eta konfidentzialtasuna albo batera utzi, eta begirada sentsazionalista gailendu delako tratamendu arduratsuaren ordez. Gertaeren egiturazko jatorria aztertu beharrean, beldurra hedatu eta jarrera erreakzionarioak elikatzea eraginez.

Indarkeria matxistak hamaika aurpegi ditu eta beronen erroa gizartearen askotariko egituretan dago. Indarkeria matxista isolatutako gertaera puntuala baino, sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kolonialaren egiturazko biolentzia da. Sistema hori indartzen ari den honetan, inoiz baino gehiago, guztiok hartu behar dugu erasoen gaineko ardura, bakoitzari dagokion lekutik.

Bereziki, gizonek duzuen erantzukizuna eta ardura azpimarratu nahi ditugu. Indarkeria matxista gizonen arteko aliantzek eta askotariko agenteen arteko paktu patriarkalak sostengatzen dute. Hartu ezazue behingoz indarkeria matxistaren aurkako jarrera irmoa: aztertu zuen jarrerak, interpelatu elkar, erasotzailearen laguna bazara, ez izan konplize eta kargu hartu, eta eraso matxisten aurrean, irmo jokatu. Bada dagokizuen ardura hartzeko garaia!

Guzti honen aurrean, guk elkar babesten jarraituko dugu, aliantza eta antolakuntza feminista dira gure tresnarik eraginkorrenak, bai jaietan, baita urte osoan zehar ere: autodefentsa, ez dugulako inork salba gaitzan nahi, eta feminista, ez diegulako soilik jarrera konkretuei frenoa jarri nahi, arazoaren errora jo nahi dugu.

Otzan nahi gaituzte, baina autodefentsa feministaz armatuta gaude!

Gora borroka feminista!

Arrasateko Mugimendu Feminista eta Maritxu Kajoi Komisiñua

Argazkiak Gontzal